Merkataritzan euskara bultzatzen ari diren Iruñerriko 11 udalek (Antsoain, Aranguren, Atarrabia, Barañain, Berriobeiti, Berriozar, Burlata, Gares, Oltza Zendea, Uharte eta Zizur Nagusia), bezeroak aktibatzeko beste egitasmo bat jarri dute martxan: bezeroentzako eta merkatarientzako hiztegitxoak.

Aurrez IKA euskaltegiek sortutako hiztegitxoak hartu dituzte eredu moduan, eta bezeroei nahiz merkatariei euskara erabiltzeko laguntza eskaintzea da helburua, eta, bide batez, merkataritzan ere euskara erabiltzeak duen garrantzia ikusaraztea. Horretarako, saltokietan nahiz egunerokoan ohikoak diren euskarazko hainbat termino eta esamolde jaso dituzte hiztegitxo horietan.

Horrela, aipatu 11 udalerri horietako 292 saltokitan 25.000 hiztegitxo banatu dituzte guztira; 5 motatako hiztegitxoak daude, kolorearengatik erraz bereizten direnak (laranjak, urdinak, berdeak, granateak eta lilak); kolore bakoitzetik 5.000na ale banatu dira.

Parte hartu nahi duenak egin beharrekoa oso sinplea da: kolore bakoitzeko hiztegitxo bana bildu eta, 5ak eskura dituenean, guztiei batera argazkia atera eta whatsapp bidez 692 730 246 zenbakira bidali behar du urtarrilaren 31 baino lehen.

Parte hartzen duten guztien artean 100 euroko 3 sari zozketatuko dira.

Irakurtzen jarraitu...

PesaLur –Pesa Taldeko enpresetako bat– Lemoan dago kokatuta eta, bertan, 2012an hasi ziren Euskara Plana inplementatzen. Ordutik, urrats asko egin dituzte euskararen normalizaziora begira (besteak beste, hizkuntza irizpideak onartzea eta betearazten hastea, autobus erabiltzaileekin harremana duten langileentzat euskara ikastaro trinkoak eta motibazio saioak antolatzea…).

Baina, ekintza horien osagarri, kolektibo osoarentzat ekintza ludikoren bat antolatzeko beharra ikusi genuen Euskara Batzordean; orain arte Euskara Planean parte hartu gabe zeuden langileengana hurbiltzekoa, alegia.

Presentación1

Horrela, hainbat aukera aztertu ostean, lehiaketa bat antolatzea erabaki genuen eta, horretarako, Irizar-en egiten dutena hartu genuen oinarri moduan. Lehiaketarekin bi helburu lortu nahi genituen:

  • Euskara Plana, oro har, eta Euskara Batzordea, zehazki, ezagutaraztea.
  • Egunerokoan euskararen mundutik urrun bizi direnei euskararen gainean jakin-mina piztea, edo pizten hastea, behinik behin.

Lehiaketa pasa den ekainean egin zen, eta labur-labur honako hauek izan ziren lehiaketaren ezaugarriak:

  • 3 pertsonako taldeak osatu ziren.
  • Talde bakoitzari izena jarri zioten taldekideek.
  • 5 aste iraun zituen.
  • Astero 3 galdera bidali genizkien: 1) euskarari buruzkoa; 2) PesaLur-i buruzkoa; 3) porra.
  • Komunikazio guztiak bi hizkuntzatan egin genituen (mezuaren hartzaileak parte-hartzaile guztiak zirenean).
  • Galderak astelehenetan bidali genituen eta erantzunak ostiral eguerdia baino lehen bidali behar zituzten.
  • Komunikaziorako 3 bide eskaini genizkien: whatsapp-a, emaila eta papera; baina, gero, praktikan, denek whatsapp-a erabili zuten.
  • Talde irabazleko 3 kideek jaso zuten saria (bazkari eder bat).

Lehiaketaren balorazioa positiboa izan da: 1) Euskara Plana sozializatzeko, eta Euskara Batzordearen berri emateko balio izan duelako; 2) euskarari buruzko bitxikeriekin euskararen beste alderdi bat erakutsi diegulako (sinbolikoki bada ere); 3) 13 taldek (39 pertsonak) parte hartzea positiboki baloratu dugu; are gehiago, parte-hartze kopuru horretatik haratago, galdera batzuen erantzunak-eta bilatzen jende asko inplikatu dela ikusita; saltsa handia sortu da lehiaketaren bueltan.

Irakurtzen jarraitu...

Iaz aurreikuspen guztiak gainditu ostean, aurten ere “Euskararen paparazziak” argazki-lehiaketa antolatzea erabaki dugu “Euskara Merkataritzara” planean parte hartzen dugun udalek (Antsoain, Aranguren, Atarrabia, Berriobeiti, Berriozar, Burlata, Gares, Oltza Zendea, Uharte eta Zizur Nagusia) eta Iruñeko Karrikiri Euskaldunen Elkarteak.

Kartela_lehiaketa_behin_betikoa_2015_euskaraz

Lehiaketaren helburua saltokietan euskararen erabilera handitzeko eman diren urratsak bezeroei eta herritarrei ikusaraztea da eta, horretarako, arreta erakartzeko, argazki-lehiaketa antolatzea erabaki dugu aurten ere.

Lehiaketan parte hartzeko bidea oso sinplea da: Iruñerriko eta Gareseko saltokietan ikusgai eta euskaraz dauden errotuluei, kartelei edo bestelakoei argazkiak atera eta “WhatsApp” edo “Telegram” aplikazioen bidez 605 75 40 17 zenbakira bidali behar dira. Euskara eta merkataritza hobekien uztartzen dituen argazkiaren bidaltzaileak 500 euroko txartela jasoko du planean parte hartzen duten saltokietan gastatzeko. Horrez gain, parte-hartzaileen artean 100 euroko hiru txartel zozketatuko dira. Argazkiak apirilaren 6tik 26ra bitartean bidali ahalko dira, bi egun horiek barne.

Sortu berri dugun blogean kontsultatu daiteke “Euskara Merkataritzara” planaren gaineko informazio osoa, eta baita aurtengo lehiaketaren oinarriak eta iaz jasotako argazkiak ere.

Bidaltzaileak:  Haritz Goikoetxea eta Leire Muxika (“Euskara Merkataritzara” planeko teknikariak)

Irakurtzen jarraitu...