Badira urte batzuk DANOBATGROUP kooperatiba taldeko enpresek euskara planak dituztela martxan, eta plan horietatik sortutako lanak argitaratu eta jende guztiaren eskura jartzen dituzte. Lan horien artean, aurten, berrituta eta osatuta aurkezten du makina erreminta arloko irudiak zein hitzak euskaraz kontsultatzeko aukera ematen duen hiztegia.

L1210168 (2)

Hiztegi honek, batetik, gaztelaniatik euskarara eta euskaratik gaztelaniara kontsulta teknikoak egiteko aukera eskaintzen du. Bestetik, DANOBATGROUPen diseinatzen eta ekoizten diren hainbat makinaren irudiak ere agertzen dira, eta irudi horietan hiztegiko hitzak ikus daitezke. Horrez gain, nahi duen guztiak proposamenak egiteko aukera izango du; adibidez, hitzen bat ez badu aurkitu.

Ondorengo URLan dago denentzat eskuragarri http://hiztegia.danobatgroup.com/ eta, bertan sartutakoan, paperean argitaratzeko aukera izango du.

Artezteko makina, tornu, ebaketa eta zulaketako makina, xafla transformaziorako teknologia, eta fresatzeko makinetako terminoekin osatu da batez ere. Baina, termino horiez gain, beste hainbat ere jaso dira: artezketa prozesua definitzeko erabiltzen diren hainbat hitz, Danobat kooperatibak argitaratutako Tailerreko Eskuliburu Teknikokoak, Ideko kooperatibak lantzen diharduen osasungintza, aeronautika eta trenen sektoreko hitzak…

Etengabe lantzen ari den hiztegia da eta, noizean behin, eguneratu egingo da taldeko beste kooperatiba batzuetako terminoekin eta eguneroko lanean erabiltzen diren bestelako hitzekin.

Irakurtzen jarraitu...