Serbitzu enpresa, Biharkorekin batera, euskara plana duen enpresetako bat da Azkoitian. 2011 inguruan jarri ziren Emunekin harremanetan. Langile gehienak euskaldunak izanik, euskara beti egon izan da presente enpresan, baina, sistema bat ezarrita, euskarak euren enpresan duen garrantziaz jabetu dira.

Iñaki Maiztegi legazpiarra Serbitzuko Euskara Planaren koordinatzailea da. “Gure bezeroekin euskaraz egiten ditugu harremanak”, azaldu du Maiztegik. Hasieratik ikusi zuten lantegian euskararen inguruan arautegi bat ezarri behar zutela, hots, sistema baten barruan aritu beharra zutela ezer lortu behar baldin bazuten. “Zerbitzu publikoetan lan egiten dugu; udala ez bada, Foru Aldundia da gure bezeroa”, jarraitu du koordinatzaileak. “Euskal Herriko herrietan ematen dugun zerbitzua euskaraz denez, garrantzia eman nahi izan genion euskarari, eta Emunekin hasteko ideia hortik etorri zitzaigun”, dio, prozesuaren hastapenak azalduz.

Lantegiarentzat “ezustekoa” izan zela aitortu dute. “Ez ginen jabetzen zer egin behar genuen”. Begi bistako gauzekin lotuta hasi ziren lehen urratsak egiten: errotulazioa aldatu, bisita txartelak euskaratu, zigiluak… Sistematika horrekin hasi ziren Serbitzun euskara plana bideratzen. Guztiari jarraipena emateko, euskara batzorde bat dute lantegian, “oso erakundetutako batzordea”, koordinatzaileak eta Emuneko teknikariek diotenez. “Serbitzuk duen plana erakunde mailakoa da; haren indarguneetako bat da, eta zuzendaritza inplikatuta dago”.

Lantaldeko kide gehienek euskara menperatzen dute, baina baziren gazteleraz bizi ziren langileak ere. Oro har, “jendeak ondo hartu zuen”. Euskara batzorde horietan “alde positiboa erakusteari garrantzi handia” eman diotela azaldu dute. “Gehitu egiten duen zerbaiten moduan aurkeztu dugu, malgutasun handiarekin, neurgarriak eta lortzeko modukoak diren helburuak jarrita”, adierazi du koordinatzaileak. Enpresak “asko baloratzen du” langileek euskaraz ikasi eta euren maila hobetzeko egiten duten esfortzua. “Langileek egiten duten lana aitortu beharra dugu”, dio, azkenik, koordinatzaileak.

Bai Euskarari ziurtagiria eta Bikain zilarra lortuak ditu Serbitzuk. Beste aurrerapauso batzuk eman nahi zituzten, ordea. “Kalitatezko prozesuetan gertatzen den bezala, epe laburretan hobekuntza handiak egin ziren, baina, bihurgunearen goiko aldera iristean, zaila izaten da hobetzea. Hori gertatu zitzaigun guri”, adierazi du Maiztegi koordinatzaileak. “Harea harrotu eta jendeari, langileei, aukera ematea erabaki genuen”. Enpresan euskara barneratuta zen lehendik, baina, langile asko dutenez, eurek zuten euskararen ezagutza maila handitzea jarri zuten helburu. Euskara planaren oinarri metodologikoak hiru dira: erabilera, ezagutza eta motibazioa. “Helburua beti euskararen erabilera da”, diote teknikariek. “Erabiltzeko, ezagutu egin behar da, eta, horretarako, giro ona sortu behar da”.

Langileak, helburuak lortzen

Giro horren barnean murgildu ziren Aitor Ulibarri zuzendaria eta Ramon Donato de Lopez langilea. Ulibarri zuzendariaren ustez, “gai berria zen, eta esperientzia falta zuten”. 2015. urtean hartu zuen zuzendari kargua Serbitzun, eta, langile gehienak euskaldunak zirela ikusita, plan hori lantzen jarraitzea garrantzitsua zela iritzi zion. Ulibarri gasteiztarra da jaiotzez, eta gazteleraz ikasitakoa; euskaldun berria da. “Lanean euskararekin izandako bizipen indartsuena hemen izan nuen, Serbitzun”, azpimarratu du zuzendariak. Ulibarrirentzat, euskal enpresa bateko zuzendaria izanik, harremanak euskaraz lantzea oso da garrantzitsua. “Ez da gauza bera harremanak euskaraz egitea edo gazteleraz egitea, gertutasunagatik bereziki”, gaineratu du. “Euskaraz egin nahi dugunok aukera izatea garrantzitsua da. Poliki-poliki, euskara lan hizkuntza izatea lortu behar dugu”.

Ramon Donato de Lopez, berriz, Irunen jaiotakoa da. Euskara betidanik jaso duela baina gerora galdu egin zuela aitortu du. “Oso desberdina da Azkoitian edo Azpeitian bizi edo Irunen bizi. Orain dezente hartu diot euskarari”, azaldu du langileak. Lan harremanak euskaraz egiten dituzte, bai bulegoan, bai telefonoz zein ordenagailuz. Euskaltegiak ematen duen B2 maila lortua du Donato de Lopezek, hau da, ahoz eta idatziz komunikatzeko gaitasuna aitortua du. Halere, hobetzen jarraitu nahi du, eta euskararen gaitasun agiria (EGA) lortzea du erronka. “Komenigarria ikusten dut nire profilarentzat eta lanpostuarentzat”, azaldu du Azpeitian bizi den irundarrak. “Ez da gauza bera hitzez edo idatziz komunikatzea. Ez zaie berdin idazten langile bati edo teknikari bati, eta alor horretan indartu nahiko nuke”. Euskara plana dutenen artean enpresa aitzindaria da Serbitzu Azkoitian. Lan eta erabaki askorekin egindako bidea da Azkoitiko lantegiak hasitakoa.

Argazkia eta jatorrizko albistea: Maxixatzen

Irakurtzen jarraitu...

14 erakunde horietatik 4k urrezko Bikain lortu dute (Elgoibarko Udala, Fagor Elektronika, Fagor Automation Usurbil eta Kide), 8k zilarrezkoa eta 2k oinarrizkoa.

image

Argazkia: Tu Lankide

Iñigo Urkullu lehendakariak Donostiako Kursaal Jauregian banatu zituen atzo, abenduak 19, Hizkuntza Kudeaketako Bikain Ziurtagiriak.

Ziurtagiri horiek banatzeko ekitaldira joan ziren, baita ere, Kultura eta Hizkuntza Politika sailburu Bingen Zupiria, Enplegu eta Gizarte Politika sailburu Beatriz Artolazabal, Osasun sailburu Jon Darpon eta Hizkuntza Politika sailburuorde Patxi Baztarrika eta Confebaskeko lehendakari Roberto Larrañaga.

Aurten, guztira, 21.500 langile barnean hartzen dituzten 52 enpresek jaso dute aitorpen hori, aurreko edizioetan baino bost aldiz gehiago, jauzi garrantzitsua “bide onetik” aurreratzen ari dela ondorioztatzeko, lehendakariak ziurtatu zuenez. Hala ere, Urkulluk, autoatseginean erortzetik urrun, uste du Eusko Jaurlaritzak arrakasta-dinamikak analizatzen jarraitu behar duela -hori da, hain zuzen ere, Euslan programaren helburua- eta Eusko Jaurlaritzaren konpromisoa adierazi zuen aurrerapen positibo horri eusteko aukera emango duten neurriak planteatzen jarraitzeko.

Emunek zerbitzua ematen dien erakundeei dagokionez, 14 erakunde aurkeztu dira eta lortu dute ziurtagiria; hauxe da zerrenda:

Elgoibarko Udala (urrezkoa)

Fagor Elektronika (urrezkoa)

Fagor Automation – Usurbil  (urrezkoa)

Kide (urrezkoa)

Guggenheim (zilarrezkoa)

Carrefour Olaberria (zilarrezkoa)

Fagor Ederlan (Burdina) (zilarrezkoa)

Hazi (zilarrezkoa)

Askora (zilarrezkoa)

Zarauzko Hiribusa (zilarrezkoa)

LKS Koop. E. (zilarrezkoa)

IK4-Ideko (zilarrezkoa)

Autocares Unitravel (oinarrizkoa)

Abere (oinarrizkoa)

Irakurtzen jarraitu...

Bikain kanpo ebaluazioak Eusko Jaurlaritzak antolatzen ditu Euskalit Bikaintasunerako Euskal Fundazioarekin lankidetzan, eta erakunde batean euskararen erabilera, presentzia eta kudeaketa neurtzera daude zuzenduak. Bikainek hiru garapen-maila edo ziurtagiri hartzen ditu bere baitan: oinarrizkoa (200 puntu gutxienez); tarteko maila edo zilarrezkoa (400 puntu gutxienez); eta goi maila edo urrezkoa (700 puntu gutxienez).

Aurtengo ziurtagiriak astelehenean, abenduak 21, banatu ziren Gasteizko Europa Jauregian, eta Iñigo Urkullu lehendakariaz gain, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburu Cristina Uriartek, Hizkuntza Politikarako sailburuorde Patxi Baztarrikak, eta CONFEBASKeko presidente Roberto Larrañagak ere parte hartu zuten.

2015_12_21_lhk_bikain_196

Argazkia: irekia

Ebaluazioa egiten, orotara, Bikain Ebaluatzaileen Klubeko 158 kide aritu zirela nabarmendu zen; bestalde, banatutako 65 ziurtagirietatik 41 urrezkoak izan ziren, 20 zilarrezkoak eta 4 oinarrizkoak. EMUNen zerbitzua eta aholkularitza jasotzen duten erakundeetatik, aurtengo edizioan ziurtagiria jaso dutenak honako hauek izan dira:

“Gure helburua da euskararen erabilerari aplikatutako kalitate-parametroek toki naturala topatzea gure enpresen eta erakundeen kudeaketan, ekoizpenean eta komunikazioan”, adierazi zuen Urkulluk. Berritzailea izan zen Bikain bere sorreran, eta aurrerantzean ere berritzaile izaten jarraituko du, Bikain berria eta berritua, enpresetara ez ezik, administrazio eta erakunde publikoetara ere zabalduko baita.

Bukatzeko, Bikain ziurtagiriak duen babesa azaltze aldera, gogora dezagun Bikain Ziurtagiriaren zuzendaritza organoan Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordea dela batzordeburu, eta EAEko enpresarien elkarteak (CONFEBASK, SEA, CEBEK eta ADEGI), Euskadiko Kooperatiben Konfederazioa, hiru foru aldundiak, Euskalit, Euskaltzaindia eta EUDEL biltzen direla bertan.

Iturria: irekia

Irakurtzen jarraitu...

Bukatu da 2014ko Bikain ziurtagiriaren prozesua eta, aurten ere, hainbat enpresak lortu du ziurtagiria. Fagor Arrasate da enpresa horietako bat, euskara planak urteetan egindako ibilbideari esker, saria jaso baitute; zilarrezko Bikain ziurtagiria, hain zuzen ere. Hori dela-eta, Aritz Otxandianorengana hurbildu gara, eta ebaluazioaren gaineko nondik norakoak ezagutzeko galdetegi labur bat erantzuteko eskatu diogu.

Irudia1

Motzean…

  1. Titularra: egindako ahaleginak merezi izan du.
  2. Bereziki poztu naiz/nau… urte luzeetan euskararen normalizazioan egindako lanak aitortza izan duelako.
  3. Gertuago irteeratik ala helmugatik? Helmugatik gertuago.
  4. Bisita-egunetan zer zen nagusi, kafea ala ezki-ura? Nik neuk lasai samar bizi izan nuen, baina bazegoen tila bat gustura hartuko zuenik ere.
  5. Bikain ziurtagiria ez omen da ez auditoria eta ezta azterketa ere,… bidea egiten jarraitzeko tresna da guretzat.
  6. Pentsatuta dugu Bikain ziurtagiria non zintzilikatuko dugun: bazkideek ikusi ahal izateko lekuren batean.
  7. Bikain ziurtagiria jasotzera… ni neu joan nintzen, Fagor Arrasateko lehendakaria.
  8. Espero genuen… zilarra ateratzea.
  9. Ez genuen espero… hain puntuazio altua izatea.
  10. Fagor Arrasaten bikainak gara… organoek euskararen normalizazioari eman dioten bultzadan.
  11. Fagor Arrasaten bikainak izango gara… nahi duen guztiak %100ean euskaraz lan egiteko aukera duenean.
  12. Urrezko Bikain ziurtagiria lortzea… euskararen normalizazioaren bidean hurrengo mugarria izan behar da.
Irakurtzen jarraitu...