Oiartzungo NIESSEN enpresak Bai Euskarari ziurtagiria jaso zuen Rober Gutierrezen eskutik. Egoera baliatu du lantegiko NIK ESAN aldizkariak Roberrekin elkarrizketatxo bat egiteko. NIK ESANeko lagunek elkarrizketa plazaratzeko aukera eman digute. Honaxe emaitza:

Niessen_ziurtagiria_jasotzen

– Zer suposatzen du Bai Euskarari Ziurtagiriarentzat ABB-NIESSEN moduko enpresa batek ziurtagiria lortzeko prozesua abiatzeak?

Ziurtagiriaren Elkartearentzat garrantzi handikoa da ABB-NIESSEN bezalako enpresa traktore batek Bai Euskarari Ziurtagiria lortu izana; ziurtagiria bera prestigiatu egiten baitu eta eredu bat eskaintzen baitigu gainerako enpresei erakusteko modukoa. Eredu egoki bat hizkuntzaren kudeaketaren ikuspegitik.

Uste dut enpresak, oro har, konturatzen ari direla, pixkanaka bada ere, merkatuan eta euren egunerokotasunean hizkuntza ugari daudela. Hau da, hizkuntza bat erabil dezaketela enpresa barruko pertsonen artean, beste hizkuntza bat erabiltzen dutela nazioarteko ordezkaritzako langile batekin, eta hainbat hizkuntza erabiltzen dituztela  bezeroekin.

NIESSENen barneratuta dago euskara ezinbesteko osagaia dela lanean ari diren pertsonen artean, eta horri erantzun egokia eman behar zaiola.

– Euskara normalizatzeko ahaleginak ibilbide luzea du ABB-NIESSENen, baina, zure ustez, zein onura ekarri ahal izango dizkio ziurtagiriak NIESSENi?

Euskara eremu sozioekonomikoan txertatzea estrategikoa da hizkuntzaren normalizaziorako. Enpresen ikuspegitik ere, euskara txertatzea estrategikoa izan beharko litzateke. Bai Euskarari Ziurtagiriaren bitartez, hori lortzeko bidean egindako lanaren aitortza egiten diogu ABB-NIESSENi.

Onuren inguruan hitz egiten denean, beti aipatu izan da euskara lagungarria izaten dela merkatuan lehiakideek baino posizio hobea irabazteko garaian, bezero kopurua handitzeko, merkatu berrietan sartzeko edo-eta etekinak areagotzeko; produktu eta zerbitzuak bere hizkuntzan eskaini behar zaizkiola bezeroari, harreman-hizkuntza berak hautatu behar baitu, produktu eta zerbitzuak lehiakorrak eta kalitatezkoak izango badira, eta abar.

Kasu honetan nabarmenduko nuke Bai Euskarari Ziurtagiriak aitortu egiten diola ABB-NIESSENi urtetan garatutako lana; aitortzen zaie enpresari eta enpresa osatzen duten pertsona guztiei. Iruditzen zait kasu honetan onura handiena barrura begirakoa dela, euskara gertutasun eta konfiantzaren adierazgarri baita. Euskara erabilita eta konpromiso hori aitortuta, enpresarekiko atxikimendua areagotu eta motibazioa indartu egiten da lanean ari diren pertsonengan.

– Zure ustez, zeintzuk dira gaur egunean euskarak lan munduan sartzeko dauzkan erronka nagusiak? 

Espazioak euskalduntzea estrategikoa da hizkuntza batean normaltasunez bizi ahal izateko. Horregatik, berebiziko garrantzia du alor sozioekonomikoaren espazioetan euskarari lekua egiteak. Hor dugu erronka nagusia. Lanean ematen dugun denboragatik edota produktu eta zerbitzuen kontsumitzaile izateagatik, eragina du lan munduak gure bizimoduan eta hizkuntza jardueran.

Horretarako, gainera, garrantzitsua da lan mundua euskalduntzeari begira zeresana duen aktore bakoitzak (administrazioak, enpresek, sindikatuek, langileek, kontsumitzaileek…) zein funtzio bete behar duen argitzea. Guztion arteko elkarlana, osagarritasuna eta laguntza beharrezkoak dira. Horrek mesede egingo dio gure hizkuntzari.

– Bai Euskarari Ziurtagiriaz gain, zein beste proiektu ari zarete lantzen Ziurtagiriaren Elkartean? 

Enpresa munduaren euskalduntzean eragiteari begirako proiektuak ari gara garatzen. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin batera, Enpresarean edo Lansarean lan-ataria bezalako ekimenak ari gara lideratzen. Alor sozioekonomikoko entitateen eta pertsonen arteko elkarlana ari gara sustatzen, euskarak dituen eremuak babesteko eta eremu berriak bete ditzan.

Irakurtzen jarraitu...

ABB Niessen enpresan Euskaraz lan egin nahi dut izeneko egitasmoa jarri zen abian orain bi ekitaldi. Sinadura publiko bidez, langileek hainbat jokabideri atxikimendua adieraztea izan zen egitasmoaren xedea. Emaitza esperotakoa baino hobea izan zen, jende askok adierazi zuelako euskara gehiago erabiltzeko konpromiso publikoa. Niessen-eko Euskara Batzordeko kideontzat, borondate sozial hori gorpuztea lehentasunezko erronka izatera pasa zen.

P1010571

Langileengana hurbiltzea

Horretarako, ahalik eta langile gehiagorengana heltzeko asmoarekin, 2014ko udaberrian eta udan zehar, bileratxoak egin ditugu sail guztietan, bi helbururekin: aurten abiatu dugun Bai euskarari ziurtagiria prozesuari buruzko informazioa langileei helarazteko, eta euskara planari buruzko iritziak eta hobekuntza proposamenak aurrez aurre jasotzeko. Sei bilera egin dira guztira, eta praktika oso aberasgarria izan dela esan dezakegu, honi esker jende berria hurbildu baita euskara planera eta sinergiak hobeto baliatzeko aukera eman baitigu.

Irakurtzen jarraitu...

ULMA Eraikuntzan Bikain ziurtagiriaren aurre-azterketa egin dugu, euskararen kudeaketa enpresan txertatzerakoan jauzi kualitatibo bat emateko helburuarekin.

222 bikain2012Argazkia: euskalit

Norabide horretan aurrera egiten laguntzeko, Bikain Euskararen Kalitate Ziurtagiria tresna baliagarria izan zitekeela iruditu zitzaigun Euskara Batzordean eta, Bikainen nondik norakoak hobeto ezagutzeko, ebaluazio horren simulazioa egitea erabaki genuen.

Aurre-azterketa egiteko Bikain ziurtagiriaren prozedura bera erabili dugu: aurre-txostena betetzea, ebaluazio eguneko behaketa eta elkarrizketak egitea, ebaluazio-txostena osatzea eta ebaluazio horren azterketa egitea.

Eta honako hau izan da aurre-azterketari esker lortu duguna:

o Organoetan euskararen eta Euskara Planaren inguruko hausnarketa egitea, eta enpresako arlo eta maila guztietan gaiaren inguruko interesa piztea.

o Euskararen kudeaketaz jardutea organoetan eta erakundeko hainbat arlotan: aurre-azterketa aurretik, bitartean (25 langilek parte hartu zuten ebaluazio eguneko elkarrizketetan) eta ondoren.

o Bikain ziurtagiria erakundean ezagutzera ematea, aurkeztea erabakiz gero, eskaini beharreko baliabideak eta ekarriko dituen onurak baloratu ahal izateko; eta, horrekin batera, Bikain ziurtagirira aurkeztu ala ez erabakitzen laguntzea.

o Bikainera aurkezteari begira, aurrez zerbait ezaguna izateak sortzen duen konfiantza eskuratzea. Guretzat, orain, Bikain ziurtagiria ez da ezezaguna, era batera edo bestera hilabeteak eman baititugu horri buruz hitz egiten.

o ULMA Eraikuntza Bikain ziurtagiriak ezarritako mailetan kokatzea.

o Bikainera aurkeztu bitartean hobetu beharrekoak identifikatzea; izan ere, hobetzeko horietako batzuk erakundeko urteko gestio planean helburu gisa txertatu ditugu eta jarraipena egiten diegu.

Azken finean, benetako partida jokatuko den momenturako entrenamendu gisa balio izan digu.

Bidaltzailea: Raul Garcia (ULMA Eraikuntzako lehendakaria eta Euskara Planaren koordinatzailea)

Irakurtzen jarraitu...

Aurten hirugarren urtez martxan da Bikain ziurtagiria egiaztatzeko prozesua. Dagoeneko bukatu da erakundeek izena emateko epea, eta, bestalde, abian da ebaluatzaileen prestakuntza.

 

 

 

 

 

 

 

 

Bikain ebaluazioa egiteko Ebaluatzaileen Kluba sortu da. Ebaluatzailearen zeregin nagusia erakunde bat ebaluatzea da, taldea osatzen duten gainerako ebaluatzaileekin batera, eta Bikaineko ebaluazio-parametroei jarraiki.

Dagoeneko 200 pertsonek osatzen dute Bikain ebaluatzaile kluba.

2008an Bilbon, Euskalduna Jauregian, egindako jendaurreko ekitaldian banatu ziren ziurtagiriak eta 2009an horrelako ekitaldi publikorik egin ez bazen ere, aurten berriro ziurtagiriak banatzeko ekitaldi publikoa egiteko asmoa dute.

Bikainen hiru zutoin nagusiak: erakundeak, ebaluatzaileak eta idazkaritza teknikoa dira.

Egitasmoaren jatorria

Hezkuntzan, komunikabideetan, edota administrazioan izandako lorpenak garatu eta iraunaraziko badira, euskarak lan-munduan tokia egin behar du: 1990ean, programa pilotoa abian jarri zen, zenbait enpresa eta eragilerekin eskuz esku. 1990-1996 artean fase pilotoa bideratu zen, eta ondoren lehen ebaluazioa egin zen. Proba pilotuak amaitu ahala, euskararen presentzian eta erabileran lortutako maila aitortzeko eskakizuna egin zitzaion Eusko Jaurlaritzari hainbat enpresatatik 2004an Euskararen Aholku Batzordeak entitate pribatuetako euskara-planak ebaluatzeko, egiaztatzeko eta, egokituz gero, horren aitortza emateko irizpideak finkatu eta zabaltzeko aholkua luzatu zion Eusko Jaurlaritzari. Ebaluazio sistema 2007. urtean landu eta testeatu zen proiektu pilotuan parte hartu zuten bederatzi enpresetan.

Ziurtagiri ofizial, publiko eta doakoa da, Eusko Jaurlaritzak luzatzen duena, eta enpresa nahiz erakunde batean euskararen presentzia, erabilera eta kudeaketa egiaztatzen duena.

Ebaluazio bat egin ondoren eskura daitekeen ziurtagiria da, hortaz. Ebaluazio horretan EMEn (Erreferentzia Marko Estandarrean) jasotako itemak zein hizkuntzatan dauden eta nola kudeatzen diren egiaztatzen da, besteak beste.

Ebaluazioari dagokionez, EMEk lau ardatz ditu:

  • Erakundearen komunikazioa eta irudi korporatiboa
  • Kanpo harremanak
  • Barne harremanak
  • Hizkuntza kudeaketa
Irakurtzen jarraitu...