Emunek bi liburuxka aurkeztu ditu

Asteazkena, 2010eko abenduaren 1a

EMUNek bi liburuxka aurkeztu ditu: Zer egin eta Hizkuntza Harrerarako Gidaliburu praktikoa. Biak ala biak, Kataluniako Plataforma per la Llengua elkarteak egindakoak dira. EMUNek euskarara itzuli eta Euskal Herriko errealitatera egokitu ditu, eta orain banatzeari ekingo dio.

Lehenengo liburua, Zer egin…? TELP tailerretan banatzeko asmoa dugu. Izan ere, TELP tailerretan ematen diren aholku praktikoen jarraipena da liburuxka. Egunero-egunero, euskaraz ari garenean izaten ditugun trabak eta tentsio uneak, modu osasungarriagoan jasaten laguntzen diguten aholkuek osatzen dute liburua. Euskararen egoera, hizkuntza eskubideak, kexak erreklamatzeko bideak… ere aipatzen dira.

Hizkuntza harrerarako gidaliburu praktikoa, berriz, gure herrietara etortzen ari direnei begira egindako hausnarketen ondorio da. Gizartea aldatzen ari da, eta gero eta hizkuntza gehiago daude gurean. Orduan, euskara kohesio elementu izateko, guztiok kontzientziatzea komeni zaigu. Hizkuntza harrerarako gidaliburu praktikoa hizkuntzaren kudeaketari begira egindako liburuxka da. Immigrazioaren aurrean hizkuntza baino gehiago landu behar den arren, hizkuntzari dagozkion baliabideak azaltzen dizkie harreragileei.

Bidaltzailea: lantalan

Erantzun