Norbaitek erdaraz egiten badit, euskaraz erantzun diezaioket? Edukazio txarrekoa al da?

Asteartea, 2011ko urtarrilaren 4a

Orain dela gutxi aurkeztu zen Zer egin ..? liburuxka. Plataforma per la Llenguak egindakoa eta Emunek euskarara ekarria eta euskararen egoerara moldatua.

Liburuxka horren eduki batzuk ekarriko ditugu Lantalanera apurka-apurka, gomendioak sareratuz.

Sarritan, erdaraz egiten dugu inork horretara behartu gabe, kasurik gehienetan inork eskatu ere egin gabe, solaskideak ez dakiela euskaraz pentsatzen dugulako. Egoera horietan
guztietan, beraz, euskaraz hitz egitea geure esku dago, eta nahi dugun guztietan egin ahal izango dugu. Lehen hitza beti euskaraz egingo bagenu, askoz ere gehiago entzungo litzateke euskara nonahi, eta askoz ere gusturago egongo ginateke geure buruarekin, gutxienez hasierako ahalegina euskaraz egin eta gero.

Norbaitek erdaraz egiten badit, nik euskaraz egin diezaioket? Edukazio txarrekoa al da?

Euskaraz egin dezakegu, jakina. Ez da edukazio txarrekoa, guztiz kontrakoa. Edukazioz hizkuntza aldatu behar hau geure hizkuntzarekin eta kultur nortasunarekin ditugun konplexuak eta autoestimu gabeziak justifikatzeko aurreiritzien osagai bat besterik ez da. Ohiturak aldatzeko asimilazio edo akulturazio prozesu baten bidez botereek inposatutako jokaera kodeetan du jatorria kortesiaz hizkuntza aldatzeko topikoak.

Ondorengo belaunaldietan ere, imitazioz eta egoera bakoitza ez delako aztertzen, herritar askok ohitura edo gizarte arau bihurtu dute portaera hori. Horrenbestez, ohiturak
naturala ematen du eta, onartutako beste edozein ohitura bezalaxe, aldatzen zaila egiten zaigu. Baina, finean, horixe besterik ez da: ohitura. Nahiz eta hasieran ahalegina eskatuko digun, denbora gutxian ohitura bilakatuko
zaigu ahal den guztietan euskaraz egitea.

Sarritan, autoestimu falta hori justifikatzeko fikziozko argudio zentzugabeak erabiltzera iristen da jendea: hizkuntza komunikatzeko tresna besterik ez dela, edo euskaraz hitz eginda unibertsal izateari uzten diogula eta
itxiagoak garela esaten dute. Benetan egiten duguna, baina, guztiz kontrakoa da erdaraz egiten badugu: geure burua diskriminatzen dugu eta geure solaskidea ere bai, geure
kulturarako sarbidea ukatzen diogulako, hizkuntza jartzen baitugu atzerritar izateari uzteko oztopo gaindiezin gisa. Horrenbestez, gure kulturatik urrundu egiten dugu, eta
dagokigun duintasuna eta errespetua galtzen dugu.

Bidaltzailea: Emun + Plataforma per la llengua

Erantzun