“Otxandioko Euskaldunon Amaraune” herritarren sarea instituzioko jardunaren oinarri

Asteartea, 2012ko urriaren 16a

“Otxandioko Euskaldunon Amaraune” Otxandioko Udal Euskara Batzordearen ekimenez sortutako ekimena da. Euskaltzale diren herritarrez osatutako sarea. Euskaltzalea izatea da Amaraunean parte hartzeko dagoen baldintza bakarra eta dagoeneko ehunetik gora otxandioar batzen ditu. Etorkizunean izan lezakeen arren, sareak ez dauka oraingoz egitura propiorik. Instituzio baten ekimenez eta beronen baitan gorpuzten ari den herritarren sarea da, udalaren euskalgintzako jardunaren oinarri bihurtu dena.


Pertsonen datu basea

Amaraune Euskara Batzordearekin harremanen bat izandako pertsonen datu base batetik sortu zen; izen abizenak, harremanetarako telefonoa, e-posta, helbidea , taldea eta ibilbide soziolinguistikoa deitu dioguna batzen hasi ginen bertan.

Adibidez,

IZEN ABIZENAK         TALDEA                HISTORIKOA

Mikel Urrutia                    Gaztea                 TELP ikastaroa

Maria Lopez                      Gurasoa              Euskararen eguna

…                                            …                            …
Ideia sinplea da baina datu base hau oso lagungarria izan da Otxandioko euskara planean pertsonen kudeaketa modu egokian egin ahal izateko.

Datu basetik herritarren sarera

Aipatutako datu basea eguneratu ahala, hazten eta hazten joan da etengabe, elur bola bat bailitzan (datu base horren hazkundearen erritmoa eta bolumena euskara planaren dimentsio soziala zenbatekoa den neurtzeko adierazle onak izan daitezke). Pertsona multzo hori euskalgintzaren inguruko informazioa zabaltzeko bitarteko, hausnarketarako foro, formazio soziolinguistikoaren hartzaile, ekintzaileen harrobi… izan daitekeela konturatu gara. Ondoren izena eta irudia jarri diogu eta horixe da Otxandioko Euskaldunon Amaraune.

Hasieran datu basea zen hori poliki-poliki Otxandioko EBPNren jardun guztiaren ezinbesteko oinarri bihurtu da. Orain oinarri horren bueltan antolatzen dugu dena: “Euskeraz bizi guredu!” kanpaina, TELP ikastaroa, bloga, Inkernuz aldizkaria, erabilera planak, Berbalaguna, euskara eskolak… Oraingoz Udal Euskara Batzordeak eta udaleko euskara dinamizatzaileak kudeatzen du sarea, aurrerago ez dakigu.

Ondorioetako bat honakoa izan daiteke: nekazariek euren fruituak hazteko lurra behar duten moduan, hizkuntza berreskuratzeko prozesuek pertsonak edo hiztunak behar dituzte oinarrian. Garrantzitsua da horrekin konturatzea eta hori behar bezala kudeatzeko bitartekoak garatzea, bai instituzioetan eta bai gizarte mugimenduetan.

“Otxandion euskeraz bizi GUREDU!” kanpainaren bideoa:

Bidaltzailea: Egoitz Unamuno, Emuneko teknikaria

Erantzun