Solaskideak ez didala ulertzen esan dit edo/eta erdaraz egiteko eskatu dit. Zer egin?

Asteartea, 2011ko urtarrilaren 11a

Zer egin …? liburuaren gomendioak jarraituko ditugu ekartzen blog honetara. Oraingo honetan bigarren gomendio sorta.

Gogoratu liburu osoa ere deskargatzeko moduan dagoela webgune honetan bertan.

Norbaitek erdaraz egiten badit, euskaraz erantzun diezaioket? Edukazio txarrekoa al da?

Hainbat egoera aurki ditzakegu, bakoitza erantzun desberdinekin, egoeraren arabera.

Menpeko egoeran baldin bagaude

Adibidez, kasu hauetan: geu saltzailea bagara, lanpostua jokoan badugu edo antzeko egoeretan. Gure erantzuna hainbat
faktoreren araberakoa izango da: ditugun helburuak, solaskidearen euskara maila eta solaskideak hartzen duen jarrera. Horregatik, batzuetan jarrera otzana hartzea erabakiko dugu geure interesak eta helburuak lortzeagatik, eta erdaraz egingo dugu.

Berdintasunezko egoeran bagaude edo geuk badugu abantaila

Kasu honetan geure kulturarekiko “sedukziozko” jarrera positiboari eustea gomendatzen dugu biziki. Lehen hitza beti
euskaraz egiteak sorpresa on asko emango dizkigu; izan ere, uste ez genuen tokietan ere euskaraz egingo digute maiz.

Beste aukera bat da solaskideari ea euskaraz dakien edo ea euskaraz ulertzen duen galdetzea. Egoera askotan, nahiz eta besteak ez jakin euskaraz hitz egiten, ulertzen badu, guk
euskaraz egin ahal izango diogu besteak erdaraz erantzun arren, betiere polikixeago eta hitz errazak erabilita, hobeto ulertu ahal izan dezan. Ezezagunei erdaraz egiteko
ohitura oso hedatuta dagoenez, kalean goazela norbaitek zerbait erdaraz galdetzen badigu ere, baliteke solaskidea euskalduna izatea; horregatik, horrelako kasuetan ere euskaraz erantzun dezakegu. Solaskideak ez badaki ez euskaraz ez gaztelaniaz (edo frantsesez, Iparraldean), beste hizkuntzaren batean egin beharko dugu proba (ingelesez, frantsesez…), ahal badugu. Eta solaskideak
gaztelaniaz (edo frantsesez, Iparraldean) baldin badaki, hizkuntza horretan egin ahal izango diogu, jakina, betiere euskarazko agurrei eutsita.

Solaskidearen erreakzioek lagunduko digute erabakitzen nola jokatu behar dugun kasu bakoitzean. Kasu gehienetan, denok gutxienez lehen hitza euskaraz egingo bagenu eta horri eutsiko bagenio, harik eta solaskideak ez duela ulertzen esan arte, edo geuk garbi ikusi arte ez duela ulertzen, urrats handia izango litzateke. Kasu guztietan, irribarrea eta adeitasuna oso lagungarri izango zaizkigu elkarren arteko komunikazioa hobetzeko.

Bidaltzailea: Emun + Plataforma per la llengua

Erantzun