TELP tailerretako bloga abian

Asteartea, 2012ko urriaren 23a

EMUN Kooperatiba Elkarteko Telp tailerretako dinamizatzaileok bloga martxan jarri dugu. TELP tailerren blogak izaera bateratzailea izango du, tailerretan parte hartu duten lagunen bilgune izateko helburua baitu, guztiok komunitate bereko partaide garela sentiaraziz. Era horretan, blogak aukera emango digu gure esperientziak, ezagutzak eta indarrak bateratzeko, eta baita tailerretako parte hartzaileekin harremanetan jarraitzeko ere, zailtasunen aurrean hizkuntza jokaera asertiboa praktikatzen laguntzeko.

Beraz, blogak izango dituen funtzioak honako hauek izango dira:

1) TELP tailerretako hartzaileek euren esperientziak elkartrukatzea: TELP tailerra jaso dutenen bizipenen berri eman, lortutako arrakastak konpartitu, korapiloak askatzeko baliabideak eta gomendioak elkartrukatu, esperientzia gogorren aurrean babesa eta laguntza eman eta  jaso…

2) Dibulgatiboa: TELP tailerren blogak TELPari buruzko materiala zabaltzeko aukera eskainiko du. Hala nola, oinarri teorikoen inguruko bibliografia (artikuluak, liburuen erreferentziak) bideoak eta bestelako materiala eskuragarri jarriko dugu bertan.

Parte hartzeari pisu berezia eman nahi diogu blogean. Horretarako blogean bertan harpidetzeko aukera jarri dugu. Era horretan, bi astean behin blogeko artikuluaren berri izateaz gain galderak, zalantzak, ekarpenak eta abar egiteko aukera izango duzu.

Hementxe duzue blogaren helbidea: www.telptailerrak.com

Zure zain gaituzu bertan 🙂

Erantzun