Zer egin? Kontsumitzaile gisa (I)

Asteartea, 2011ko maiatzaren 3a

Zer egin …? liburuaren gomendioak jarraituko ditugu ekartzen blog honetara. Oraingo honetan laugarren gomendio sorta.

Gogoratu liburu osoa ere deskargatzeko moduan dagoela webgune honetan bertan.

Norbaitek erdaraz egiten badit, euskaraz erantzun diezaioket? Edukazio txarrekoa al da?

Solaskideak ez didala ulertzen esan dit edo/eta erdaraz egiteko eskatu dit. Zer egin?

Administrazio publikoko edozein bulegotan egin dezaket euskaraz?

Denda, taberna, jatetxe, supermerkatu edo edozein enpresatako bezeroentzako arreta zerbitzuan soilik erdaraz egiten didate. Zer egin?

Soilik EAEn jasotzen du legeak kontsumitzaileek euskaraz egin ahal izango dutela, baina hala eta guztiz ere sarritan
ez da betetzen. Langile gehiago dagoen tokietan beti eska dezakegu euskaraz dakien norbaitekin hitz egitea. Gainontzekoetan, egoeraren arabera erabaki beharko dugu zer egin: kexa jarri, alde egin edo hizkuntzaz aldatu eta erdaraz egin.

Eskaintza komertzial bat egiteko deitu didate telefonoz. Nik euskaraz egin diet eta eurek Euskal Herritik kanpo daudela esan didate, ez dakitela euskaraz eta ez didatela ulertzen. Zer egin?

Lege egoera desberdina da Euskal Herriko lurralde bakoitzean. Kasu guztietan dugu aukera eskaintza euskaraz jaso nahi dugula eta bestela ez dugula entzun nahi adierazteko. Gogoan izan: ez bagaituzte ulertzen eta horregatik euren eskaintza egin ezinda geratzen badira, euren arazoa da eta eurei dagokie konpontzea ere. Inork ahalegina egitekotan, eurek egin behar dute; ez ahaztu beraiek ari direla saldu nahian eta horregatik deitu digutela. Gure jarrera eztabaidatzen hasten bazaizkigu, ez gaude inondik inora behartuta eurekin eztabaidatzera edo azalpenak ematera. Ez gara, inola ere, hizkuntzari buruzko eztabaidetan sartuko, are gutxiago “nazionalismoari” buruzko kontuetan. Arazo honek ez du zerikusirik ideologia kontuekin, bezeroari zerbitzua emateko moduarekin baizik. Nahi izanez gero, argi laga diezaiekegu euren eskaintzari kasu egingo diogula baldin eta euskaraz egiten badigute; hizkuntza ofiziala den tokietan horixe ere erabil dezakegu argudio gisa. Ez du zerikusirik Euskal Herria ez den beste nonbaitetik deika jarduteak: berriro ere, hori ez da gure arazoa, inorena izatekotan ere eurena izango da.

Bidaltzailea: Emun + Plataforma per la llengua

Erantzun