Zer egin? Kontsumitzaile gisa (II)

Asteartea, 2011ko maiatzaren 10a

Zer egin …? liburuaren gomendioak jarraituko ditugu ekartzen blog honetara. Oraingo honetan bosgarren gomendio sorta.

Aurreko gomendioak:

Norbaitek erdaraz egiten badit, euskaraz erantzun diezaioket? Edukazio txarrekoa al da?

Solaskideak ez didala ulertzen esan dit edo/eta erdaraz egiteko eskatu dit. Zer egin?

Administrazio publikoko edozein bulegotan egin dezaket euskaraz?

Zer egin? Kontsumitzaile gisa (I)

Telefono mugikorra erosi nahi dut. Ba al dago euskarazkorik?

Lehen mugikor guztietako menuak erdaraz soilik zeuden, baina duela urte gutxi hasita marka askok menuetako hizkuntza euskaraz jartzeko aukera ematen dute. Beraz, telefonoa erosterakoan euskarazko aukerarik duen begiratu dezakegu. Gainera, merkatuko operatzaile batzuek ere ematen
dute zerbitzua euskaraz, ahoz, internetez edo idatziz (fakturetan, adibidez). Aurreko ataletan esan dugun moduan, enpresa horien bezero garen aldetik, zerbitzuak ez bagaitu asebetetzen, eskubide osoa dugu enpresari gure kexa bidaltzeko, euskararen lege egoera dena dela ere. EAEn legez behartuta daude arreta euskaraz ematera, bai ahoz, bai idatziz (adibidez, fakturak).

Jatetxeko karta eta menua ez daude euskaraz. Zer egin?

Kasu honetan ere lege egoera desberdina da Euskal Herriko lurraldeen artean. Dena den, aurretik esan dugun bezalaxe, zerbitzuaren osagai garrantzitsua da hizkuntza, eta bezero gisa eskubide osoa dugu kexa bat aurkezteko, zerbitzua ez bazaigu egokia iruditzen karta eta menua ez daudelako
euskaraz. Gainera, geure esku dago erabakitzea jatetxe horretan geratuko garen edo hurrengo batean berriro itzuliko garen.

Ez geratzea edo ez itzultzea erabakitzen badugu, eta jabeari arrazoien berri ematen badiogu, askoz eraginkorragoa izan daiteke gure kexa. Herri askotan, gainera, udalek laguntza ematen dute menuak eta kartak
euskaraz jarri ahal izateko, eta horren berri ere eman diezaiokegu jabeari.

Tren eta autobus geltokietako eta aireportuetako megafonia euskaraz izan behar da?

EAEn bai, legeak horrela jasotzen duelako, eta ez badute betetzen erreklamazioa egin dezakegu, nahiz eta oraingoz zigorrik ez duten jasoko horregatik. Dena den, bezero garen aldetik lege egoera edozein dela ere, beti izango dugu eskubidea euskararen presentzia handiagoa exijitzeko.

Bidaltzailea: Emun + Plataforma per la llengua

Erantzun