Euskara Planen zenbakiak Araban, aisialdi eta kirol taldeetan

Osteguna, 2018ko uztailaren 5a

Badira urte batzuk Araban kirol eta aisialdiko elkarte zein federazioetan euskararen erabilera sustatzeko planak martxan jarri zirela. Egitasmoak probintzia mailan eta hiriburuan izan du zabalkunde handiena, baina poliki-poliki zenbait udalerritara ere hedatzen hasi da euskararen erabilera sustatzeko mikroplanen egitasmoa.

Kirol federazio eta elkarte horietan guztietan, euskararen ezagutza eta erabileraren gaineko diagnostikoa egin dugu eta ondoren, ekintza plan bat diseinatu dugu bakoitzaren beharretara egokitutakoa, eta konpromiso zehatzak hartzeko proposamena egin diegu. Kasu askotan, konpromiso horiek hizkuntza irizpideen oinarrizko dokumentuetan jaso ditugu, lortutakoetan atzerapausorik ez egiteko. Gainera, elkarteetako entrenatzaileekin hizkuntzaren kudeaketaren eta eguneroko jardunean euskararen erabilera areagotzeko metodoen inguruko formazio saioak egin ditugu, eta administrazio nahiz koordinazio lanetan aritzen diren kideekin hausnarketa eta esperientzien trukea bultzatzeko saio bateratuak ere egin ditugu. Mikroplanei jarraipena egitearekin batera, berau inplementatzeko aholkularitza eskaini diegu.

Arabako Foru Aldundiarekin lankidetzan, Emunetik orotara 13 taldetako (federazio zein kirol elkarte) mikroplanei egiten diegu egun jarraipena, azken urteotan martxan jarritakoez gain, aurtengoan 2 kirol elkartetan ere abiatu baitira planak.

Foru Aldunditik sustaturiko planez gain, ordea, Gasteiz eta Asparreneko udalek ere AFAk irekitako bidea jarraitzea erabaki dute;

Gasteizko udalean, 4 talde berrirekin hasi ginen iaz, eta aurten inplementaziorako laguntza eskaintzen jarraitzen dugu; eta beste 3 elkartetan eta federazio batean mikroplanak diseinatu berri ditugu, guztira 7 elkartetan.

Asparreneko udalean, berriz, Araian kirol eta aisialdiako 9 elkarterekin egin genuen iaz mikroplanen diseinua eta aurtengoan, horiei guztiei aholkularitza eskaintzearekin batera, elkarte berri bat gehituko da proiektura.

Bestalde, Arabako Foru Aldundiarekin eta Gasteizko nahiz Asparreneko Udalekin elkarlanean, lurraldean antolatutako jardunaldi eta ekimenetan parte hartzera bultzatu ditugu elkarte eta federazioetako kideak; 2016ko Artiumeko “Euskara, marka eta erronka” jardunaldian, eta 2018ko azaroan egingo den Euskaraldian, esaterako.

Orotara, urte hauetan guztietan euskararen erabilerarako mikroplanak abian jarri dituzten federazio, elkarte eta pertsonak zenbakietara ekarrita, hauek dira datu nagusiak:

EUSKARAREN ERABILERA SUSTATZEKO MIKROPLANAK

Arabako Foru Aldundia

6 federazio eta Kirol Federazioen Elkartea

7 elkarte

Gasteizko Udala

7 kirol elkarte

Asparreneko Udala

6 kirol elkarte, aisialdiko elkarte 1, guraso elkarte 1 eta kirol zerbitzuetako enpresa 1.

GUZTIRA

29 taldetarako diseinatu dira euskara sustatzeko mikroplanak, eta diagnostikoan, diseinuan eta inplementazioan 70 langile, zuzendaritzako kide, koordinatzaile, entrenatzaile eta idazkarik hartu dute parte.

Eresti Oiarbide (Emuneko kidea)

 

 

Erantzun