KORRIKALDIA Coprecin

Asteartea, 2019ko apirilaren 2a

Esperientzia polita izan zen Euskaraldia gurean. 10 egunez, hizkuntza ohituretan, euskararen aldeko astinaldia nabaritu genuen lantokian zehar. Denbora joan ahala ordea, lehengo ohituretara bueltatu dira mingainak. Honelako ariketak sarriago egin beharko liratekeela iradokitzen zigun bertako langileen artean egindako Euskaraldiko esperientziaren balorazioak.

Eta hara non datorkigun KORRIKALDIA. Euskaraldiaren dinamikari ezin 2020ra arte itxaron, eta aurten, Copreciko Euskara Batzordeak, Korrikaren olatua baliatuz, hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketari forma berria eman dio. Apirilaren 1etik 12ra, alde batetik, Ahobizi eta Belarriprest txapak jantziko ditugu paparrean, norberak hartu konpromezua, mingain eta belarrietan islatu dadin. Beste aldetik, bi lekuko ibiltari ibiliko dira gunez gune.Egunero, lekuko gorriak tailerreko gune bat bihurtuko du hizkuntza ohitura aldaketaren protagonista; lekuko berdea, funtzio bera betez, bulegoetako gune batean egongo den bitartean. Egun bakoitzean, fokoa lekukodun bi gune horietan egonagatik, 10 eguneko ahalegina egingo dugu guztiok.

Lekuko hauek ez dira nolanahikoak, Copreciko tailerrean ekoiztutako piezez osatuta daude. Coprecitarrek elkarlanean eginiko objektu mimatuak ditugu, ekimenak sortu duen ilusioaren lekuko. Azpialdean badaukate zabal lekua, mezu biribilkatu baten gordeleku. Izan ere, egun bukaeran, lekukoa esku artean eduki duten guneek, egun horretako esperientzia idazteari ekingo diote. Modu horretan, eskuz esku, joango dira osatzen lekuko barruko mezuak, KORRIKALDIAren Copreciko esperientzia jasoz.

Hementxe daukazue, langileen artean KORRIKALDIAren ekimena azaltzeko egin dugun bideoa:

Maddi Sarasua eta Oihana Barrutia (Emuneko kideak)

Etiketak

Erantzun