Mondragon Assembly urrezko enpresen artean

Asteartea, 2016ko urtarrilaren 26a

Mondragon Assembly kooperatibak Aretxabaletan du bere egoitza, eta 100 langile inguru ditu bertan lanean; horrez gain, beste 150 langile inguru ditu Frantzia, Alemania, Mexiko, Txina eta Brasilgo plantetan. Bere jarduera zenbait produkturen muntaia automatizatzeko makinak ekoiztean datza eta, horretarako, bi negozio ditu: bata, eguzki energiarena; bestea, makina bereziena. Euskara Plana 1997. urtean jarri zen martxan, eta ia 20 urteko ibilbideak izan du ondo merezitako errekonozimendua, Urrezko Bikain Ziurtagiria lortu berri baitute. Arkaitz Mardarasi eskatu diogu euren esperientziaren berri emateko; Arkaitz –Atxondokoa eta athletizale amorratua izateaz gain– Mondragon Assemblyko Kontseilu Errektoreko lehendakaria eta makina berezien Ingeniaritzako arduraduna ere bada.

Irudia2

Urrezko Bikain ziurtagiria lortu duzue. Zerk bultzatu zintuzten aurkeztera?

Gure Euskara Planak ibilbide luzea egin du eta, horrelako sari batera aurkeztean, euskararen normalizaziorako bidean zein egoeran geunden jakin nahi genuen; hobetzekoak non dauden identifikatzeko eta aurrera jarraitzen laguntzeko, hain zuzen ere. Eta, gainera, saria lortu dugunez, harrotasun puntu bat ere eman digu; urteetan egindako lanari emandako saria izan da.

Espero al zenuten urrezko ziurtagiria lortzea?

Plan estrategikoan zilarra lortzea genuen helburu moduan. Baina, egia esan, Euskara Batzordeko kideei urrezkoa lortzeko erronka luzatu nien, posible zela uste bainuen; eta lortu dugu.

Ziurtagiria lortzeak (eta aurreko prozesuak) zertarako balio izan du eta zertarako balioko du?

Goian aipatu bezala, euskara normalizatzeko bidean zein ahulgune ditugun identifikatzeko, gauzak hobeto egiteko gogoa pizteko, motibatzeko eta euskaraz lan egitea posible dela sinesteko.

Mondragon Assembly-n lortu duzuen garapen-maila lortzeko, zure ustez zein izan da gakoa?

Pausoz pauso egindako lana izan da. Gakoa, nire ustez, daukagun euskararen ezagutza maila eta langileek euskararekiko duten jarrera dira. Enpresak duen tamainak ere eragiten du; tamaina polita da, denok elkar ezagutzen baitugu, eta, horrela, mezua helaraztea ere errazagoa da. Orain Euskara Batzordeko gidaritza daramaten Nagore Espillaren eta Leire Zubiaren lana ere goraipatzeko modukoa da.

Bikainen ebaluatzaileen arabera, zeintzuk dira zuen indarguneak?

1.- Enpresan euskarak duen lekuari dagokiona; euskara enpresaren kudeaketa planean txertatuta egotea, hain zuzen ere. Halaber, epe luzerako estrategia izatea, Euskara Batzordeak baliabide pertsonalak (euskara teknikaria…) eta materialak (urteko aurrekontua…) zehaztea, Euskara Batzordea enpresa osoko organo eta taldeetako ordezkariz osatuta egotea, eta abar.

2.- Lanpostuei dagozkien hizkuntza-eskakizunak zehaztuta izatea: langile berrien hautaketatik hasi, lanpostuetan leku aldatzeetara eta langileak bazkide izaterainoko guztian irizpideak zorrotz betetzen ditugu, hala dagokionari prestakuntza emanez eta jarraipena enpresaren Zuzendaritzatik eginez. Enpresako kudeatzailea bera da eredu, azken 4 urteak baitaramatza euskara lan-orduetatik kanpo ikasten.

3.- Eguneroko lanean, enpresako barne harremanetarako baliabide informatikoetatik hasi, komunikazio horizontal eta bertikala ia erabat euskaldunetik segi eta Euskal Herriko bezeroei harremana nahiz produktuak euskaraz eskaintzeaz gain, administrazioarekin eta bestelako kanpo harremanetan ere harremana euskaraz izaten saiatzen gara haiek ahal duten heinean.

Ba al duzue hobetzeko nabarmenik, gehiago eragin beharreko alderdirik, edo datozen urteetarako erronka berririk?

1.- Hornitzaileekin egiten dugun antzera, Eusko Jaurlaritzarekin, adibidez (eta nahi adina kanpoko bestelako erakundeekin ere) harremana euskaraz izan dadin bermatzea eska dezakegula adierazi digute.

2.- Euskararen egoeraren eta erabileraren neurketak gune guztietara zabaltzea zehaztea gomendatu digute, aurrez erabakitako epeetan jarraipen sistematikoa eginez.

3.- Oso erraz konpondu daitezkeen egoerak ere antzeman dituzte; hala nola, oraindik baditugu dokumentu batzuk euskaratzeke (eskaintza-orria, tailerreko nahiz bulegoetako hainbat errotulu…).

Nire iritziz, beti dago hobetzeko parada.

Lana euskalduntzeko planak zuri zer eman dizu eta zer kendu dizu?

Beharbada, Kontseilu Errektoreko lehendakari ere egin ninduen, jendeak gehiago ezagutzen zaituen heinean, beste ardura batzuk hartzera eramaten zaituelako. Azken lau urte hauek nolakoak izan diren kontuan izanda, ez dakit zein neurritan den hori horrela. Bestalde, gurea denari garrantzi gehiago emateko kontzientzia hartu ahal izan dut. Ez dugu behar beste denbora hartzen daukagunari benetan duen balio emateko; eta ez dut esaten euskararengatik bakarrik.

Demagun, euskara normalizatzeko beharrik ikusten ez duen beste kooperatiba bateko lehendakariarekin elkartu zarela, eta diskurtso honekin datorkizula; zer erantzungo zenioke?

  • “Euskara normalizatzea ez da errentagarria; ez dugu gehiago saltzen euskara erabiltzeagatik”

Nire ama hizkuntza euskara da, gaztelania kalean ikasi baitut eta nahiko ondo, nire iritziz. Euskara herrialde honetan hizkuntza ofiziala baldin bada, euskaraz lan egiteko eskubidea daukat. Gainera, ez al dago Mondragonen balioetan euskal kultura sustatzea? Zer da, ba, euskara? Nik, behintzat, gusturago egiten dut lan euskaraz.

  • “Mundu global baterantz goaz, enpresetan ingelesa izango da gero eta gehiago lan hizkuntza”

Egia da, baina nirea euskara da, eta kanpokoekin egin beharko dut ingelesez, ez etxekoekin. Norbaiti entzun nion Euskal Herrian bizi den erdaldun batek euskara erabiltzeko infinitu aukera gehiago dituela ingelesa erabiltzeko baino. Orduan, zergatik lehenesten du ingelesa? Ez dut ulertzen.

  • “Euskara erabili behar izateak, gauza batzuk itzultzea eta bikoiztea eskatzen du; gainkarga da, alegia”

Baieztapen horri buelta eman ahal zaio; pertsona jakin batzuek euskaraz ulertu ez izateak batzuei lana bikoizten digunez, pertsona horiek euskalduntzen egin behar dugu lan. Beraz, euskara planak ezinbestekoak dira.

  • “Ez dago zertan enpresetan euskara normalizatzen ibili beharrik. Belaunaldi berriek badakite euskaraz, eta modu naturalean normalizatuko dute euskara”

Aurreko batean nire adineko pertsona batekin egon nintzen gaztelaniaz hizketan; nik 37 urte ditut, eta erretiroa 70ekin hartu behar badugu, beste horrenbeste itxaron behar dugu? Ez dut uste.

  • Politikari ezagun batek esan zuen euskarak ez zuela balio esparru batzuetarako (zehatzagoak izanda, fisika nuklearraren gainean jarduteko)”

Zentzurik ez daukanari ez dago zertan erantzun.

Erantzun