ULMA Architectural Solutionsen, euskara normalizatuta?

Asteazkena, 2018ko abenduaren 19a

Badira urte batzuk ULMA Architectural Solutionsen euskara normalizatzeko prozesua abian jarri genuela, eta horri esker, euskararen presentziak eta erabilerak gora egin du gure enpresako hainbat eremutan.

Nolanahi ere, urteetako bilakaeraren azterketa egitea beharrezkoa zela erabaki genuen ULMA Architectural Solutionseko Euskara Batzordean, hau da, euskararen normalizazio prozesuari dagokionez, nondik gatozen, non gauden eta nora goazen zehaztea komeni zela.

Horretarako, EMUNen zehaztutako Euskararen Normalizazioaren Markoan eta ULMA Taldeko Hizkuntza Politikan oinarritu ginen eta geure buruari izenburuko galdera egin genion: ULMA Architectural Solutionsen euskara normalizatuta al dago?

Galdera hori ardatz hartuta, euskara planaren hausnarketa estrategikoari ekin genion urrian, ULMA Architectural Solutionseko sailetako eta organoetako 41 lagunekin (langileen %20), lau taldetan banatuta. Bertan, hizkuntzaren normalizazioan aintzat hartzeko hainbat arlo aztertu genituen taldeka egindako dinamika desberdinetan: funtzioen banaketa, arau soziala, lan hizkuntza, zerbitzu hizkuntza, hizkuntza gaitasuna, leialtasuna, sortze hizkuntza, jarrera proaktiboa, hizkuntzaren normalizaziorako estrategiak…

Saioetan landutakoari esker, ULMA Architectural Solutionsen euskararen normalizazioari dagokionez non gauden jabetu ahal izan dugu eta erabateko normalizaziorako bidean datozen lau urteetarako ildo estrategikoak zehaztu ditugu, 2019-2022rako Euskararen Plan Estrategikoan jasoko ditugunak.

Bideo honetan duzue saioen helburuaren azalpena eta lehen bi saioetan parte hartu duten lankide batzuen iritzia.

Aitzol Guridi, ULMA Architectural Solutionseko euskara planaren koordinatzailea

Etiketak

Erantzun